Mengele, Josef
(«Heriotzaren aingerua» ezizenez). Alemaniar sendagile nazia (Günzburg, 1911 - Ensenada da Bertioga, Brasil, 1979). Auschwitz-eko kontzentrazio esparruko (1943-45) gas gelen arduraduna izan zen, eta arrazari buruzko ikerketak egin zituen hango presoekin, asko eta asko hilez horretarako. Filosofia ikasketak egin zituen Munich-en, eta Alfred Rosenberg alemaniar politikariak ariar arrazaren nagusitasunari buruzko teoriak bultzaturik, medikuntzakoak, gero, Frankfurt-en. 1933an SA talde paramilitarrean sartzeko izena eman zuen. Hurrengo urtean, sortu berria zen Herentziaren Biologia eta Arrazaren Garbitasunerako Institutuan lan egin zuen, ikerlari gisa. Bigarren Mundu Gerran SS polizia talde bereziko sendagile izan zen Frantzian eta Errusian. 1943an, Heinrich Himmler buruzagi militarrak Birkenau-n, Auschwitz-en ondoan, zegoen kontzentrazio esparruko sendagile buru izendatu zuen. Han ugalkortasuna handitzeko ikerketak, alemaniar arraza ugaltzeko helburu zutenak, alegia, egin zituen preso juduekin. Gerra ondoren, ihes egin zuen eta, ezkutatua, lau urtez Bavariako etxalde batean lan egin zuen. 1949an Hego Amerikara joan zen. 1985ean, forense aditu talde batek, Mengelek bere lagun Wolfgang Gerhard-en nortasuna hartu zuela, eta haren izenean lurperatu zutela frogatu zuen.