Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mendigorria

Nafarroako erdi-hegoaldeko udalerria, Arga ibaiaren ezkerraldean (Erriberriko merindadea). Mugak: iparraldean Mañeru eta Gares, ekialdean Obanos eta Artaxona, mendebalean Zirauki, Villatuerta eta Oteitza, eta hegoaldean Larraga. Garaiera, 401 m. 39,21 km2. 1999ko datuen arabera, 884 biztanle ditu (mendigorriarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa, barazkiak, fruitu arbolak, bazkarako landareak), abere hazkuntza (ardi eta zerri azienda) eta bi hauen inguruan sorturiko industria (janari industria, kontserbategiak) dira. Aipagarri dira Erdi Aroko jatorria duen San Pedro eliza (XVI. mendean molde gotiko-Berpizkundekoan zaharberritua), XIII. mendeko jatorria duen Ama Birjinaren eliza (XIX. mendean zaharberritua), XIII. mendeko Ama Birjina Andiongo ermita gotikoa, XVI. mendeko Santiago ermita (XIX. mendean zaharberritua), XV. mendeko udaletxea (XVII. mendean zaharberritua), Arga ibaiaren gaineko jatorri erromanikoko zubia (XIX. mendean zaharberritua) eta herriko parte zaharreko XVI, XVII eta XVIII. mendeetako etxe armarridunak. Andelos herri erromatarra dago (mosaikoak, ur hobia, ur hoditeriak, etab.) Ama Birjina Andiongo ermitatik hurbil.  v  Historia. Andelos I. eta II. mendeetako hiri erromatarraren aztarnak aurkitu dira han. 1070. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Mendigorriako herria. Antso Azkarra Nafarroako erregearen eskutik jaso zituen foruak. 1378. urtean Gaztelako erregearen esku gelditu zen Mendigorriako herria. Ia bi mende geroago (1516) Fernando Katolikoak bertako gaztelua suntsiarazi zuen. Gudu latzak izan ziren Mendigorria eta herriaren inguruetan 1809-1813 urteetan Napoleonen oste eta hauen aurkako gerrillarien artean. Oso ospetsua da herri honetan izan zen 1835. urteko liberal eta karlisten arteko gudua. Liberalak nagusitu ziren.