Medea
Mit. Kolkidako erregearen alaba. Argonauten buruzagi Jasonez maitemindu zen, eta larru-zaku urrez betea harrapatzen lagundu zion, hartarako aita hil egin behar bazuen ere. Yolkonera ihes egin zuen senarrarekin batera eta Pelias, Jasonen aitaren anaiordea, hilarazi zuen aginpideaz jabetzeko. Handik Korintora joan zen Jasonekin eta bien seme-alabekin. Jason Korintoko erregearen alaba Kreusaz maitemindu zen, eta Medeak, orduan, urrezko errezela eta koroa pozoitua bidali zizkion Kreusari ezteietako opari gisa; haiek jaztean Kreusa hil zen. Ondoren, Medeak erregearen jauregia erre eta bere seme-alabak hil zituen, Jasonen ondorengorik lurrean izan ez zedin. Medea herensugeek tiratako zalburdi batean hegan ihesi joan zen. v Medearen elezaharra antzinako olerkari askorentzat izan zen iturri beren lanak idazteko. Besteak beste, ospe handia du Euripederen Medea antzezlanak (K.a. 431. urtea); Jason Medea abandonatu eta Kreusarekin maitemintzen denean hasten da obra. Orobat, entzute handikoa da Senekaren izen bereko antzezlana.