Meabe Bilbao, Tomas
Bizkaitar politikari eta idazlea (Bilbo, 1879 - Madril, 1915). Jatorri karlistako familia batean jaio zen. Aita Bilboko zinegotzi abertzalea izan zen, 1899an. Meabe bera ere, Sabino Aranaren jarraitzaileen artean ibili zen gazte-gaztetatik. Haren aginduz hasi zen ideia marxistak aztertzen, harik eta, ideia berrien alderdi humanistarekin liluratuta, Madinabeitia doktorearekin batera, jelkide izateari utzi eta sozialismoa hobetsi zuen arte. 1902an, La lucha de clases izeneko astekari sozialistan hasi zen idazten. Handik urte betera zuzendari izatera iritsi zen, eta astekari erdia berak betetzen zuen. Artikulu asko egin zituen, ateismoaren eta langileen alde. Jarrera hori ikusita, familiak eta inguruneak baztertu egin zuen, eta lehen alderdikide izan zituenekin eztabaida suharrak izan zituen. Antiklerikala eta antimilitarista amorratua izan zen Meabe, eta aberri ideiaren erabilera okerraren kontrakoa. 1903an, Erandioko Gazte Sozialisten Batzarra sortu zuen. Anitzetan izan zen kartzelan erregearen eta militarren kontrako iritziak azaltzeagatik, eta 1904an, 8 urteko kartzela zigorra ezarri ziotelarik, Frantziara erbesteratu zen. Hurrengo urtean, Eibarra itzuli eta atzera ipar Euskal Herrira erbesteratu beharrean aurkitu zen. Ondoren, Parisen eta Londresen bizi izan zen, tuberkulosiak jota, itzulpen urri batzuek eta artikuluek uzten zioten diru apurrarekin. Gaixotasuna indartu ahala, erbestean hil nahi ez eta Bilbora itzuli zen, lehenbizi, eta Madrila gero. Heriotzaren atarian idatzi zuen Apuntes de moribundo izeneko liburua. Bere idazlanak hil ondoren izan ziren argitaratuak: Obras (1920); Parábolas (1925), Las fábulas del errabundo (1935, Alderraiaren alegiak). 1968an, eta Gabriel Arestiren eskutik, 14 Alegia izeneko liburua argitaratu zuten, euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez.
- McTaggart, David
- Md
- mea
- mea
- Meabe Bilbao, Santiago
- Meabe Bilbao, Tomas
- Meabe Plaza, Miren Agur
- Meabe
- Meacaur de Morga
- Mead, Margaret
- Meade, James