McDonnell Douglas
Estatubatuar hegazkin fabrikatzailea. Bi konpainia handiren fusioaren emaitza da: McDonnell eta Douglas. Gaur egun mundu mailan hirugarren konpainia da merkataritza hegazkinen eraikuntzan, eta garrantzitsuenetako bat hegazkin militar eta espazialetan. Douglas enpresa Donald Douglas-ek sortu zuen 1920. hamarraldian. Ospe handia lortu zuen Estatu Batuetako armadako zenbait pilotuk Douglas World Cruiser hegazkinekin munduari bira 175 egunetan eman ziotenean. Baina arrakastarik handienak hegazkin zibilak eginez eskuratu zituen, batez ere Boeing 247arekin lehiatzeko TWA konpainiarekin akordio bat sinatu ondoren. Horrela hasi ziren sortzen 1930. hamarraldian DC-1 iraultzailea eta haren ondorengoak. Garai hartan DB-7 Boston bonbaketari militarra ere egin zuen. Bigarren Mundu Gerra amaitzean, erreaktore eta koheteak egiten hasi zen. Lehen erreaktore militarra 1950ean atera zen, eta hamarraldi hartan garraiorako hegazkin militar gehiago ere egin zituen. B-707arekin lehiatzeko DC-8 erreaktorea sortu zuen, 1960an. McDonnell enpresa, berriz, James McDonnell-ek eraiki zuen 1939an. 1945ean atera zuen lehen erreaktore militarra, XFD-1 Phantom (geroago FH-1 izenez ezagutua). Ondorengo modeloa, 1960ko F-4 Phantom ehiza hagazkina, mito bihurtu zen. Bi enpresak 1967an elkartu ziren, Douglas-en krisialdiaren ondorioz batez ere. DC-10 hegazkina, B-747-arekin lehiatzeko sortua, konpainia berriak atera zuen. Horrez gainera, helikopteroak eta hegazkin militar eta espazialak ere egiten ditu.