McCartney, Robert
Britainiar politikaria (1936). Britainia Handiko Alderdi Unionistako buruzagi nagusia. Zuzenbide ikasketak egin zituen, bizi zen hirian bertan, Belfasten. Karrera politikoa 1970eko hamarraldian hasi zuen, baina 1980ko hamarraldia arte ez zen nabarmendu, Hiritartasun Berdintasunaren aldeko kanpainaren buru izan ondoren batez ere. Dena dela, 1996an iritsi zen bere karreraren gailurrera, Britainia Handiko Alderdi Unionistako buruzagi nagusi hautatu zutenean. Bere alderdiak bi helburu nagusi ditu: Irlandaren eta Britainia Handiaren arteko osotasun legislatiboa lortzea, eta Ipar Irlandak eta Britainia Handiko gainerako estatuek elkarren arteko harremanak estutzea. Mc Cartneyk, Ipar Irlandako unionista protestanteen interesen ordezkari konbentzituak, boikota egin zion bake prozesuari Sinn Fein alderdia negoziazio mahaira eseri zen unean, IRA organizazio armatuak su-etena deitu ondoren, zalantza handiak baitzituzten IRAren beso politikoak bere gain har zezakeen konpromiso mailaz. Dena dela, negoziazio prozesuaren azken fasean, eragozpen gutxiago jarri dituzte, Alderdi Demokratiko Unionistako Ian Paisleyk ez bezala.