McKellen, Ian
Britainiar antzezlea (1939). Shakespeareren eta Txekhov-en lanen antzezpen bikainengatik ezaguna. Cambridgeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. 1964an, Londresen, egin zuen debuta, James Saunders-en Lore lurrina obrarekin. Gero Errege Antzerki Nazionalean hasi zen lanean, eta adituen onespena jaso zuen Alexei Arbuzov sobietar antzerkigilearen Promesa eta Peter Shaffer-en Gezur zuriak eta Komedia beltza obretan egindako lanagatik. 1974an Royal Shakespearen Company-n hasi zen lanean, eta hiru urte geroago arrakasta handia lortu zuen Macbeth obran egindako lanarekin, Judi Dench-ekin batera, Trevor Nunn-en zuzendaritzapean. 1980an Salieri-ren papera jokatu zuen Peter Shaffer-en Amadeus obran. Peter Hall zuzendari artistikoa zela, Antzerki Nazonaleko hiru konpainietako baten zuzendari izan zen. Bestalde, mundu osoan zehar ibilia da Acting Shakespeare bakarrizketa eginez. 1991n zaldun titulua jaso zuen antzerkian egindako lanagatik. Ezaguna da homosexualen alde egindako lanagatik.