Mazzini, Giuseppe
Italiar iraultzaile errepublikazalea (Genova, 1805 - Pisa, 1872). Genovan egin zituen abokatu ikasketak eta bertan aritu zen abokatu, tarteka hainbat aldizkaritan idazten zuela. 1830ean carbonari elkartean sartu zen; atxilotu zuten baina alde egin eta Marseillara joan zen. La Giovane Italia elkartea sortu zuen han, 1831n. Italia batu, libre eta errepublika egiturakoa eskaintzen zuen elkarte horren programak. Italiako zenbait estatutako agintariak botatzeko bi matxinada ahalegin egin zituen 1831n eta 1834an, baina ez zitzaizkion nahi bezala atera eta Suizara joan zen bizitzera. 1837an Londresa aldatu zen. Handik ere lehengoan jarraitu zuen. Frantziako 1848ko iraultzaren ondoren Milana joan zen eta heroi gisa hartu zuten. Erromako errepublikako hiru agintarietako bat izan zen. Erroma Frantziako gudarosteen eskuetan erori zenean Londresa ihes egin zuen berriro. Bestematxinada batzuetan eta Garibaldirenetan ere hartu zuen parte. Italia batzeak poz eman zion baina monarkiaren kontra egon zen beti. Parlamentario ere izan zen, baina ez zen bileretara behin ere joan. 1870ean berriro atxilotu zuten Garibaldiren matxinadan parte hartu zuela salaturik.