Mayor Oreja, Jaime
Gipuzkoar politikaria, PPkoa (Donostia, 1951). Tradizio politiko handiko familian sortua. UCD alderdian hasi zen politikagintzan. 1980an Eusko Legebiltzarreko kide izendatu zuten alderdi horren izenean, baita Madrilgo Kongresuan Diputatu ere. 1982an, berriz, Madrilgo Gobernuak Euskal Herrirako Ordezkari izendatu zuen, bere osaba Marcelino Orejaren lekuan. 1989an Euskal Autonomia Erkidegoko Partido Popular berrantolatzeaz arduratu zen, eta urte berean Madrilgo Kongresurako diputatu hautatu zuten berriz. 1990 eta 1994 urteetan, Ppren lehendakarigai izan zen. 1995ean Donostiako Udaleko zinegotzi ere hautatu zuten, PPren alkategai izan ondoren, nahiz eta ez zuen zinegotzi kargurik hartu. 1996tik aurrera Madrilen garatu du erabat bere karrera politikoa. Urte hartan utzi egin zituen Eusko Legebiltzarreko eserlekua eta EAEko PPren presidentetza, nahiz eta orduz geroztik ohorezko presidente izan, eta 1996ko hauteskunde orokorretan Madrilgo Kongresurako diputatu hautatu zuten berriz ere. Hauteskunde haien ondorioz osatutako gobernuan Barne Arazoetarako ministro izendatu zuen José María Aznarrek. Lau urte geroago ere diputatu hautatu zuten Madrilgo Kongresurako 2000. urteko martxoan eginiko hauteskundeetan, eta bere ministro karguan berretsi zuen José María Aznarrek hauteskunde haien ondorioz osatutako gobernuan. 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan PPren lehendakarigai izendatu zuten, eta izendapenaren ondoren ministro izateari utzi zion. 2004ko martxoko hauteskundeetan Kongresurako diputatu hautatu zuen berriro, baina uztailean eserlekua utzi zuen Europako Parlamentuko eurodiputatu izateko. Egun, Europako Parlamentuko Talde Popularraren lehendakariordea da. 2008ko martxoan Europako Talde Popularraren “Dekalogoa” aurkeztu zuen, taldearen ideiak kohesionatu eta nortasuna sendotzearren. 2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Alderdi Popularraren zerrendaburu izendatu dute.