Mayr, Ernst
Alemaniar biologoa (Kempten, 1904). Greifswaldeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak 1923-1925 bitartean, eta Berlingo Unibertsitatean eskuratu zuen doktoregoa. Harrezkero bertan lan egin zuen, 1930 arte. Ginea Berrira eta Salomon uharteetara bi urteko bidaldia egin zuen, eta bertako hegazti eta animalien bilakaera aztertzeaz arduratu zen han. 1931tik 1953ra New Yorkeko Historia Naturaleko Amerikar Museoan lan egin zuen ikertzaile gisa, hegaztien taxonomiaren arduradun. Hain zuzen ere, bilakaerari, taxonomiari eta genetikari buruzko ikerketa lanengatik da batez ere ezaguna. 1930eko hamarraldiaren hasierarako Darwinen bilakaeraren teoriaren zuzentasunaz jabetuta zegoen, eta 1937. urtean Theodosius Dobzhanskyk Genetika eta moten jatorria liburuan azaldu zuen bilakaeraren teoria sintetiko modernoarekin bat egin zuten zientzialarietako bat izan zen. 1950ean Mayrrek fosilen sailkapen alternatibo bat eman zuen, hominidoak barne hartzen zituena, eta bere proposamenak arrakasta handia lortu zuen.