Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maximiano

(Lat. Marcus Aurelius Valerius Maximianus Hercules). Enperadore erromatarra (Pannonia, 250 inguruan - Marseilla, 310). 286tik 305era eta 306tik 310era enperadore izan zen. Tetrarkiaren eta gerra zibilaren garaian bizi izan zen. 286an Dioklezianok Maximiano, lehen jeneral zena, aurrena cæsar eta gero enperadore egin zuen, hark germaniarren eta bagauden kontra izan zuen gatazkaren ondoren. 305. urtea arte biak izan ziren augustus, Diokleziano sortaldeko lurraldeetan eta Maximiano sartaldekoetan. Maximianok Konstantzio Cloro izendatu zuen cæsar, bi zatitan banatua zegoen inperioaren sartaldea gobernatzen laguntzeko. 305ean, enperadore izateko jarrita zeukaten hogei urteko epea bukatzean, utzi egin zuen kargua, baina 306an, bere seme Majentziok deiturik, berriro hartu zuen kargua. Carnuntoko bileran (308) ordea, kargutik bota zuten. Orduan Konstantzio Klororen seme Konstantinoren kontra altxa zen, hark bere burua augustus deklaratu baitzuen; Konstantinok garaitu zuen ordea, eta Galiara alde egin behar izan zuen Maximianok.