Maurizio
(Izen ofiziala, Maurizioko Errepublika; Ing., Mauritius). Afrika ekialdeko estatua, Indiako Ozeanoan, Madagaskarretik 800 kilometrora, izen bereko uharteaz gainera Rodrigues, Agalega eta Saint-Brandon edo Cargados Carajos uharteak ere hartzen dituena. 2045 km2, uharte guztiak barne harturik, eta 1.264.866 biztanle (2007ko estimazioa, mauriziarrak). Hiriburua: Port Louis (147.688 biztanle, metropolia barne, 2003). Hiri nagusiak: Curepipe, Beau Bassin, Quatre Bornes. Gizatalde nagusiak: indo-mauriziarrak, % 68; kreoleak, % 27. Erlijio nagusiak: hinduismoa, % 52; kristautasuna, % 32; islama, % 16. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Dirua: Maurizioko rupia. ■ Biztanleak. Maurizioko biztanleria oso heterogeneoa da. Gehienak 1834. eta 1925. urteen bitartean azukre kanabera lantzera joandako indiarren ondorengoak dira (bi heren inguru). Gainerakoan, garrantzi handiko taldea osatzen dute kreoleek, batez ere afrikarren eta europarren nahasketatik jaiotakoek. Mauriziok munduko biztanle dentsitate handienetakoa du (616 bizt./km2, 1997an); dena dela, azken urteetan demografia kontrolatzeko neurriak hartu ditu gobernuak, eta 2000an % 0,89ko hazkunde tasa zuen. Bizi itxaropena 70 urtekoa da, batez beste, eta alfabetizazioa % 82koa, eta horrenbestez, Afrikako herrialderik aurreratuenetakoa dela esan daiteke. Ingelesa da hizkuntza ofiziala, baina oso erabiliak dira, orobat, frantsesa eta kreolera. ■ Gizartea eta gobernua. 1968. urtean onartu zen konstituzioaren arabera, Britainia Handiko erregea zen Maurizio estatuko burua, harik eta 1992an konstituzio berria onartu eta Maurizio errepublika bihurtu zen arte. Errepublika bihurtu arren ez zion Commonwealtheko kide izateari utzi, baina agintariak aldatu egin ziren. Errepublikako lehendakariak hartu zuen, orduan, estatuaren buruzagitza; lehendakaria biltzar legegileak aukeratzen du. Gobernuburua, berriz, Lehen Ministroa da, ministro kontseiluaren burua. ■ Ekonomia. 1968. urtean burujabetasuna eskuratu zuenez gero, Maurizioko ekonomiak hobera egin du. Tradizioz nekazaritzan oinarritua zen bertako ekonomia, baina industria, finantza zerbitzuak eta turismoa indar hartuz joan dira azken hamarraldiotan; horri esker ekonomia ez dago jadanik jarduera bakarraren mende. Ekonomiaren urteko hazkundea % 5-6koa izan da, batez beste, eta horrek onura handiak ekarri dizkio bertako biztanleriari; besteak beste, bizi itxaropena handitu da, haur jaioberrien heriotza tasa murriztu da eta azpiegituretan aurrera pauso handiak egin dira. ■ Nekazaritzako gai nagusia azukre kanabera da (lantzen diren lurren % 90 erabiltzen da horretarako) eta esportaziotik ateratzen diren irabazien % 25 hartzen du; tea, tabakoa eta barazkiak ere lantzen dira, baina askoz ere gutxiago. Industria nagusiak nekazaritzatik ateratako gaien lanketa (batez ere azukrearena) eta ehungintza dira. Gobernua ahalegin handiak egiten ari da industrializazioa bultzatzeko (modernizazioaren eta esportazioak areagotzearen bidetik), nekazaritzan gai gehiago lantzeko eta turismoa indartzeko. ■ Historia. Portugalgo itsasgizonak 1505ean heldu ziren uhartera. 1598. urtean Mauritius izena jarri zioten holandarrek, eta merkataritzako gune garrantzitsu bihurtu zuten XVII. mendearen hasieran. Mende bat geroago holandarrek uhartea utzi zuten eta Frantziako Indietako Konpainiak bereganatu zuen eta Frantziako Uhartea izena jarri zion. Britainiarrek 1810ean konkistatu zuten, eta haien eskuetan egon zen 1968an burujabetasuna lortu zuen arte. Britainiarren mende egon zen garaian uharteak nolabaiteko barne autonomia lortu zuen 1957an, eta handiagoa 1961ean. Burujabetasuna lortu ondoren ezker-erdialdeko gobernuak izan dira Maurizioko aginpidean. 1967ko hauteskundeetan burujabetasunaren aldeko alderdiek (indiarren alderdi laboristak eta musulmanek batez ere) batasuna osatu zuten eta horrela izan ziren garaile, Seewoosagur Ramgoolam zutela buru. Mauriziok 1968an lortu zuen britainiarrengandiko burujabetasuna, eta Commonwealtheko kide burujabe bihurtu zen. Ramgoolam berretsi zuten Lehen Ministroaren karguan, eta hura izan zen Maurizioko agintaria hurrengo 14 urteetan. 1969. urtean koalizio gobernua osatu zuten laboristek eta Maurizioko Alderdi Sozial Demokratak (kreoleak eta franko-mauriziarrak biltzen zituen batez ere). 1970eko hamarraldian indar handia hartu zuen Maurizioko Mugimendu Militantea (MMM) oposizioko taldeak, eta 1982ko hauteskundeetan MMM eta Maurizioko Alderdi Sozialista alderdien koalizioak lortu zuen garaipena. Aneerook Jugnauth izan zen lehendakari, baina hurrengo urtean hauteskunde aurreratuak egin behar izan ziren, gobernuaren zatiketa baten ondorioz. MMM alderdia gobernutik kanpo gelditu zen, baina Jugnauth izan zen berriro Lehen Ministro, ordu arte bere aurkari izandako laboristekin eta sozialdemokratekin bat eginik oraingoan. Hurrengo urteetan, gobernuko alderdien baitan hainbat zatiketa gertatu ziren, berriro, eta Maurizioko Alderdi Sozialista desegin ondoren Maurizioko Mugimendu Sozialista sortu zuen Jugnauthek. 1987an eta 1991n berretsi zuten bere karguan, 1991n oposizioko MMM alderdi nagusiarekin bat eginik. 1992ko hauteskundeetan, berriz, nazio biltzarreko lehendakaria, Cassam Uteem izendatu zuten lehendakari; 1995eko hauteskundeetan, bestalde, Navinchandra Ramgoolam atera zen Lehen Ministro eta MMM alderdiak eta laboristek osaturiko koalizioaren esku gelditu zen gobernua. 1997an MMM alderdiak gobernuko koalizioa hautsi zuen, alderdi horretako Lehen Ministrorde Bérengerrek ministro kargu gehiago eskatzen baitzituen bere alderdiarentzat; haustura haren ondorioz Rangoolamen alderdi laboristaren esku gelditu zen gobernua. 2000ko hauteskundeetan berriro bat egin zuten bi alderdiek eta elkarrekin parte hartu zuten 2005eko hauteskundeetan; Aliantza Soziala izeneko koalizioa nagusitu zen, erabateko gehiengoa eskuratuta. Anerood Jugnauth izendatu zuten lehendakari eta Navin Rangoolam Lehen Ministro.
http://www.mauritius.net/index.php