Martín Patino, Basilio
Espainiar zinema zuzendaria (Lumbrales, Salamanca, 1930). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Salamancan, eta Cinema Universitario aldizkaria eta zinema-klub bat sortu zituen bertan. Madrila aldatu zen geroago, Zinemako Eskola Ofizialean zuzendaritza ikastera. Hasieran telebistarako eta publizitateko lanak egin zituen, baina ondoren zinemagintzan hasi zen. Bi film labur zuzendu zituen lehenik, eta 1965ean egin zuen lehenengo film luzea: Nueve cartas a Berta (Bederatzi gutun Bertari; Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Maskorra irabazi zuen). Garai hartako film espainiar onenetakoa izan zen, eta bere lanetan azpimarratzekoa da Frantziako Nouvelle Vagueren eragina. Baina Martín Patinok ideia aurrerazaleak aldeztu izan ditu, eta horrek arazoak sortu dizkio zentsurarekin, adibidez Canciones para después de una guerra (1971, Gerra ondoren baterako kantuak) filmean, zeina debekatuta egon baitzen Francoren diktaduraren garaian. Geroago egin zituen Queridísimos verdugos (1974, Borrero maiteak) edo Caudillo (1976), artxiboko irudien bitartez (irudi horietako batzuk aurretik Espainian sekula ikusi gabeak ziren), Espainiako azken urteetako historiaren ikuspegi kritikoa eskaintzen duten filmak. Dena dela, batetik zentsuraren eraginez, eta bestetik eskakizun komertzialen aurrean amore eman ez izanaren eta une jakinetako gertaeren arrakasta (turismoa, etab.) baliatu nahi ez izanaren eraginez, ez da oso zinemagile oparoa.