Martin, George
(“Bosgarren Beatlea” deitua). Britainiar musikagile eta ekoizlea (Erresuma Batua, 1926). Londresen hazi zen eta bere kasa ikasi zuen pianoa jotzen. 1943an gudarostean sartu zen eta Bigarren Mundu Gerran parte hartu ondoren piano eta oboeko ikasketak egin zituen. 1950ean EMIn hasi zen lanean, diskoetxe haren Parlophone sailean. 1955ean Parlophoneko zuzendari izendatu zuten. Lehenengo arrakasta 1960an lortu zuen, Adam Faith musikagilearen eskutik. 1962an, eta Brian Epsteinen bidez, The Beatles taldea ezagutu zuen eta haien disko bat kaleratu zuen, Love Me Do, berak produzitua. Hurrengo diskoetan nabarmen agertu zituen sorkuntzarako zituen dohainak, adibidez Rubber Soul, Revolver eta Sargent Pepper's Lonely Hearts Club Band diskoetan. Hala, The Beatles taldearekin 1962tik taldea desegin zen arte egindako lanagatik da, batez ere, ospetsua. Bi Grammy irabazi zituen Sargent Pepper´s Lonely Hearts Club Band diskoarekin, ekoizle gisa, 1967an; gaur arte hogei aldiz baino gehiago izendatu dute sariketa horretan. 1970ean The Beatles desegin zenean Paul McCartney eta Ringo Starrekin lan egin zuen, eta beste artista handi batzuen diskoak ere grabatu ditu, Jeff Beckenak adibidez. Bestalde, zinemarako soinu bandak idatzi eta interpretatu ditu. Disko instrumentalak eta bertsioak ere kaleratu ditu, eta The Beatles taldea desegin zenetik, Martin izan da haien diskoen berrargitalpen guztien arduraduna.