Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maroko

(Izen ofiziala, Marokoko Erresuma; Arab., Al Mamlaka al-Maghrebiya). Afrikako ipar-mendebaldeko estatua. 446.300 km2 eta 31.352.000 biztanle (2008ko estimazioa, marokoarrak). Mugak: iparraldean, Mediterraneo itsasoa; ekialdean, eta hego-ekialdean, Aljeria; hegoaldean, Mendebaldeko Sahara; eta mendebaldean, Ozeano Atlantikoa. Hiriburua: Rabat (2.000.000 biztanle, rabatarrak). Hizkuntza: arabiera (ofiziala), berberiera, frantsesa (negozio, gobernu eta diplomaziako hizkuntza). Etniak: berberiarrak eta arabiarrak, % 80. Erlijioa: musulmanak, % 98,3; juduak, % 1; kristauak, % 0,6. Dirua: dirham-a. ■ Lurraldea. Hego-ekialdeko muga –Saharan– ez dago ongi zehaztuta. Iparraldeko kostan, Espainiak bi hiri ditu –Ceuta eta Melilla–, eta beste eremu txikiago batzuk. 1912-1956 bitartean Maroko bi zatitan banatuta egon zen, bata Frantziaren babespean, eta Espainiaren babespean bestea. 1975ean Marokok Mendebaldeko Sahara hartu zuen, espainiar gudarosteak handik alde egin ondoren. Lurraldea ozeanora zabalik dago 800 kilometroko kostan, eta nabarmena da haren eragina. Marokoko sortaldea, menditsua (Atlas eta Rif mendilerroak), bereber nomanden bizileku da. Mendi oinetako ordokietan, zitrikoak, eltzekariak eta zerealak lantzen dira. Mendebaldean –Atlas, Atlas Handia eta Atlasaurrea mendietan– abereak hazten dituzte, eta fosfato, zink eta berun meatzeak daude. Kostaldeko ordokietan mahatsondoak eta zitrikoak lantzen dira. ■ Biztanleak. Berberiarrak dira Marokoko jatorrizko biztanleak, eta gaur egungo biztanleen hiru laurdenak berberiar jatorrikoak dira. Bigarren gizatalde nagusia arabiarrena da. Bestalde, 100.000 inguru europar bizi dira (frantsesak, gehienak), eta 12.000 inguru judu, orain aspaldi hara bizitzera joandakoen ondorengoak. Biztanleen erdia, gutxi gorabehera, hirietan bizi da. Rabatez gainera, Casablanca (2.940.000 biztanle), Marrakex (1.517.000 biztanle) eta Fez (510.000 biztanle) dira Marokoko hiri nagusiak. XX. mendea arte berberiar hizkuntzak izan dira nagusi Marokon, baina mendean zehar arabiera bultzatu eta nagusitu da, eta mendearen bukaeran biztanleen laurden batek baizik ez zuen erabiltzen berberiera hizkuntza nagusi bezala. Biztanle gehien dituen hirugarren herrialde arabiarra da. ■ Ekonomia. Marokoko ekonomian izugarrizko pisua du nekazaritzak, nahiz eta lurren % 20 baizik ez den lantzen. Laboreak (garagarra eta garia), patatak, meloiak, olibak, eltzekariak, datilak, azukre kanabera eta azukre erremolatxa lantzen dira batez ere. Mea baliabide nagusia fosfatoak dira, baina ikatza, burdina, manganesoa, beruna eta zinka ere ustiatzen dira. Industria gehienak industria txikiak dira: eraikuntzarako materialak, kimika gaiak, ehunak, oinetakoak, elikagaiak, ardoa, petrolio findua eta abar. Garrantzi handikoa da eskulangintza: ehunak, larrua, zeramika, alfonbrak eta zurezko irudiak… Turismoa, bestalde, gero eta pisu handiagoa hartzen ari da herrialdearen ekonomian, baita zerbitzuen sektorea eta industria ere. 1990eko hamarralditik aurrera, gobernuak hainbat erreforma eta pribatizazio sustatu ditu, eta azken urteetan ekonomia hazkunde nabarmena izan du Marokok. Era berean, atzerriko merkataritza harremanak sendotzen ari da eta hainbat hitzarmen sinatu ditu. ■ Historia. K.a. 2000. urte inguruan berberiarrak sartu ziren Marokon, K.a. XII. mendean feniziarrek merkataritzaguneak ezarri zituzten Mediterraneoko itsasaldean, eta K.a. V. mendean kartagotarrak Atlantiko aldean kokatu ziren. Kartago desegin ondoren berberiarrak erromatarren aliatu bilakatu ziren. K.o. 42. urtean Kaligulak Marokoko lurraldea Erromako inperioaren Mauritaniako probintziaren barnean ezarri zuen. Erromatarren ondoren, bandaloak Iberiar Penintsulan barrena sartu ziren Marokon, eta erreinu bat sortu zuten han, gero 534. urtean bizantziarrek suntsitu zutena. VII. mendean arabiarrak ekialdetik sartu ziren eta Islama ezarri zuten; berberiarrek aurre egin zieten arabiarrei eta erreinu independenteak sortu zituzten. XI. mendean, Mauritaniako berberiarrek, almorabiarrek, Marokoko lurralde osoa konkistatu zuten eta Espainiaraino hedatu zuten aginpidea. Handik mende batera, almohadiarrek beste inperio bat sortu zuten, XIII. mendean benimeriniarrek beretu zutena. 1415ean portugaldarrek merkataritzagune bat sortu zuten Ceutan (1580az gero Espainiaren mende geratu zena). 1497an Espainiako Errege-erregina Katolikoek Melilla konkistatu zuten. XVII. mendean alawi dinastiak, bere burua Mahomaren ondorengotzat zuenak, hartu zuen aginpidea; dinastia horren ondorengoak dira gaur egungo agintariak. Alawiek aurre egin behar izan zieten Frantziako eta Espainiako gudarosteei. 1830ean Frantziak Aljeria hartu zuen; Marokoko sultanak Aljeriaren alde egin zuen, baina 1844an frantsesek garaitu zuten. 1859an, Ceutako mugak zirela eta, Maroko gerran sartu zen Espainiarekin; marokoarrak galtzaile atera ziren, eta alawi sultanerriak diru sari handia ordaindu behar izan zion Espainiari. 1906an, Algeciras-eko Nazioarteko Konferentzian, Maroko Frantziaren eta Espainiaren babespean uztea onartu zen. 1912an Frantziaren eta Espainiaren babespeko guneak zehaztu ziren; Espainiari Rif eta Ifni egokitu zitzaizkion, eta gainerako guztia Frantziari. 1921ean, Abd al-Krim emirrak matxinada antolatu zuen Rif-en, eta Frantziaren eremura ere hedatu ziren istiluak; Frantziaren eta Espainiaren gudarosteek, elkar harturik, 1926an menderatu zuten matxinada. 1927an abertzaleek Istiqlal alderdia sortu zuten. Espainiako Gerra Zibilean (1936-39) Marokoko gudaroste batzuk Francisco Franco espainiar militarraren alde borrokatu ziren penintsulan. Bigarren Mundu Gerraz gero abertzaletasunak gora egin zuen, eta 1956ko martxoaren 2an Frantziako gobernuak Marokoren indenpendentzia onartu zuen; Muhammad ben Yusuf izendatu zuten errege, Muhammad V.a izenarekin. Urte berean, apirilean, Espainiak uko egin zien iparraldeko babes-guneei, eta 1958an Saharako iparraldeari. Muhammad V.a 1961ean hil zenean, haren semea, Moulay Hassan, izendatu zuten errege (Hasan II.a). 1975ean Hasan II.a erregeak 350.000 marokoar bidali zituen Espainiaren mende zegoen Saharara, lurralde hura Marokori zegokiolakoan, eta Espainia lurraldea uztera behartu zuen; hala, 1975eko Madrilgo hitzarmenean Mendebaleko Sahara Marokoren eta Mauritaniaren mende geratzea onartu zen. 1976az geroztik, Sahararen independentzia aldarrikatzen eta Aljeria eta Libiaren laguntza duen Saharako Fronte Polisarioa-ren kontrako gerran ari da Maroko. 1979an Marokok Mauritaniaren mendeko Saharako zatia hartu zuen. Harrezkero, Saharako gerra eta Estatu Batuetatik jasotzen duen laguntza dela eta, Marokoren eta Afrikako iparraldeko herrialdeen arteko harremanak nahasiak dira. Saharako autodeterminazioari buruzko erreferenduma 1992an egitea onartu zuen Marokok 1991n, baina erroldari buruzko eztabaida zela eta, erreferenduma atzeratzea erabaki zuen. 1988ko maiatzean, 12 urte tirabiraka ibili ondoren, Maroko eta Aljeria harremanetan hasi ziren berriro, Saudi Arabia eta Tunisiaren bitartekotzari esker. Harremanak eten izanaren arrazoia Saharako gerra izan zen. Izan ere, Aljeriak nazionalista sahararren alde egin zuen hasieratik. Harremanak berriro hasi ondoren, bi herrialdeak ados jarri ziren gaseoduktu bat egiteko Gibraltarko itsasartean zehar Europaraino. Bi herrialdeak partaide dituen enpresa batek du gaseoduktutik 10-15 mila milioi metro kubiko gas garraiatzeko ardura. XX. mendearen azkeneko urteetan langabezia handia izan da Marokon. Urtero ehunka mila pertsonek alde egiten dute herrietatik hirietara, eta horrek izugarrizko arazoak sortzen ditu, etxebizitzak direla, ura eta zerbitzuak direla, eta abar. Beste asko eta asko Europara sartzen ahalegintzen dira, horretarako bizia arriskuan jarri behar badute ere, itsasoa igarotzean. 1992ko urrian, adibidez, 800 lagun atxilotu zituzten Tarifan (Espainiako hegoaldean), Espainian baimenik gabe sartzeko ahaleginean. Bestalde, droga trafikoaz arduratzen den Nazio Batuetako sailak salatu duenez, Marokoko nekazari asko opio eta koka lantzen hasiak dira, heroina eta kokaina egiteko gero. Azkeneko urteetan, Maroko eta Aljeriaren harremanak onbideratu direnez gero, Saharako auzia negoziazio bidez konpontzeko ahalegina egin da. Erreferenduma egitea proposatzen da, Nazio Batuen ardurapean, Saharako biztanleek erabaki dezaten herrialde independentea izan edo Marokori loturik egon. Nolanahi dela ere, Marokoko gobernua behin eta berriz atzeratzen ari da erreferenduma, Fronte Polisarioa behin betiko gaindituko duelako esperantzan. 1992ko abuztuan Hassan II.a erregeak kargutik kendu zuen Azedine Laraki Lehen Ministroa, eta 1971-1983 bitartean kargu hori bera eduki zuen Mohamed Karim Lamraniren eskuetan utzi zuen. Gobernu berriak erreferenduma deitu zuen, Legebiltzarrari ahalmen handiagoa emango zion konstituzio berri bat onartzeko. Dena dela, erregeak Lehen Ministroa izendatzeko ahalmena gorde zuen. Erreforma haren ondorengo Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeetan, 1993ko ekainean, oposizioa izan zen garaile, 222 aulkietatik 99 eskuratuta. Alderdi ofizialak, berriz, 74 aulki baizik ez zituen eskuratu. Handik bi hilabetera Hassan II.ak munduko meskita handienetako bat inauguratu zuen, Casablancan. Konstituzioaren erreformak gorabehera, nazioaren politika erregearen eskuetan dago oraindik ere neurri handi batean. 1994ko maiatzean, erregeak bere ahaide bat izendatu zuen Lehen Ministro, Abd al-Latif Filali. Abuztuan, askoren harridurarako, erregeak berberiar hizkuntza eta kultura nazioaren bizitzan integratzeko deia egin zuen. 1995ean, euririk ez zela eta, uzta aurreko urtekoa baino sei aldiz txikiagoa izan zen, eta egoera ekonomikoak okerrera egin zuen nabarmen. 1996an legegintzarako aginpidea bi ganberatan banatzean onartu zen erreferendum bidez, baina erregeak ganberak desegiteko ahalmena gorde zuen. Bien bitartean, gobernuak pribatizazio politikarekin segitu zuen, eta zenbait konpainia saldu zituen. 1997ko irailean, Marokok eta Fronte Polisarioak hitzarmen bat egin zuten Saharako auzia konpontzeko, eta lurraldearen estatutua (independentzia edo integrazioa) erabakitzeko erreferenduma egingo zela iragarri zen. 1997ko legegintzarako hauteskundeetan, oposizioko lau alderdi politikoren koalizioak Legebiltzarreko 325 aulkietatik 102 eskuratu zituen; gobernuaren aldeko koalizio eskuindarrak, berriz, 100 aulki eskuratu zituen, eta hauen aliatu zentristek, 97. 1998ko otsailean, erregeak Abderrahman Youssoufi izendatu zuen Lehen Ministro. Erregea 1999an hil zen, eta haren semeak –Mohammed VI.ak– hartu zuen kargua. Mohammed VI.ak hainbat erreforma sustatzen ari da, ekonomian nahiz politikan, baina oraindik oso mugatuta daude askatasun zibilak eta giza eskubideak urratzeagatik salaketa asko egin ohi dizkiote nazioarteko erakundeek, bereziki 2003an Casablancan juduen kontra izandako atentatuaz geroztik (20 lagun hil ziren atentatu hartan).
http://www.maroc.ma/