Marne
Frantzia ipar-ekialdeko departamendua [51], Champagne-Ardenne lurraldean; 8.162 km2 eta 557.000 biztanle (1982). Hiriburua: Châlons-sur-Marne. Beste herri garrantzitsu batzuk: Reims, Épernay, Vitry-le-François. 42 kantonamendu eta 618 komuna ditu. v Orografia. Izen bereko ibaiak igarotzen du lurraldea hego-ekialdetik mendebalerantz; Aisne ibaiak ipar-mendebala ureztatzen du. Lurralde laua da leku batzuetan eta menditsua besteetan. v Ekonomia. Nekazaritzan laboreak eta mahatsa dira ekoizpen garrantzizkoenak, eta abeltzaintzan behiak eta ardiak dira talde nagusiak. Oso ezagunak dira Champagneko ardoak, Champagne izenaz ezagutzen direnak. Industrian metalurgia eta mekanika dira alor nagusiak.