Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Marne

Frantzia ipar-ekialdeko ibaia, Sena ibaiaren adarra; 525 km. Langres izeneko goi-ordokian sortzen da, eta Chaumont, Saint-Dizier, Châlons, Eparnay eta Meaux lurraldeak igarotzen ditu. Ontziz ibil daiteke ibaiaren behealdean. Rhin eta Saonne ibaiekin dago loturik hainbat ubideren bitartez.  v  Marneko guduak. Lehen Mundu Gerran Marne ibaiaren ondoan Alemaniaren eta oste aliatuen artean izan zirenak. Lehenean (1914ko irailaren 6tik 12ra) frantziar gudarosteek, M.J. Maunoury jeneralaren agindupean, A. von Kluck jeneralaren agindupean zegoen alemaniarren gudarosteari eraso zioten, eta alemaniarrek ihes egin behar izan zuten. Bigarrenean (1918ko maiatzaren 27tik ekainaren 1era) frantziarrek irabazi zuten berriz Ludendorff-en oste alemaniarren kontra. Hirugarrenean (1918ko ekainaren 2tik 7ra) Marne ibaian aurrera zihoan alemaniar gudarosteak frantziarren erasoa izan zuen. Uztailaren 15ean E. Ludendorff jeneralak eraso egin zuen berriro ere. Aliatuen erantzuna oso gogorra izan zen, eta hantxe hasi zen Alemaniaren gainbehera eta gerraren bukaera.