Mantxuria
Asiako ipar-ekialdeko lurraldea. Siberiaren, Korearen eta Itsaso Horiaren artean hedatzen da, eta Txina barnean dago lurraldearen parte handi bat; Txinako Heilungkiang, Kirin eta Lianoning probintziak hartzen ditu. 780.000 km2 eta 91.000.000 biztanle (1982). Sungari eta Liao ibaiak igarotzen dira bertatik. Klima kontinentala du; udak beroak dira eta neguak luze hotzak. Sortaldean sartaldean baino euri gehiago egiten du. Artzainak bizi izan dira betidanik Mantxurian. XX. mendean, hala ere, asko ugaldu da biztanleria; hala, 1910. urtean 15.000.000 biztanle zituen, eta 1982an 91.000.000 inguru, Txinatik emigrazio handiak izan baitira. Gaur egun, Mantxurian 60.000.000 txinatar inguru bizi da. Ekonomia nekazaritzan (laboreak) oinarritzen da. Meagintzak ere (ikatza, burdina, urrea, beruna) garrantzi handia du. Industria, berriz, Mantxuria japoniarren mende egon zenean hasi zen indartzen, eta Txinako industriagune nagusia da gaur egun. v Historia Txinako inperioaren barruan egon zen Mantxu dinastiaren garaian (1644-1912). 1896. urtean Errusiako inperioak Port Arthur eta Dairen lurraldeak menderatu zituen. Errusiar-japoniar gerra bukatu zenean, lurralde horiek Japoniaren mende gelditu ziren (1905). 1932. urtean japoniarrek Mantxuria osoa konkistatu zuten eta hurrengo urtean estatu burujabe izendatu zuten, Mantxukuo izenaz. 1945ean Sobietar Batasuneko armada sartu zen Mantxurian; haiek alde egin zutenean Txinako lurralde bihurtu zen berriro (1950).