Mantxako tunela
Frantzia eta Britainia Handia lotzen dituen tunela, XX. mendeko ingeniaritza proiekturik handienetakoa. Mantxako itsasartean zehar, itsaspetik igarotzen da, eta Cheriton (Kent konderria) eta Coquelles (Calais-etik gertu) arteko ibilbidea egiten du. Tunelak guztira 195 km ditu luzeran, eta itsaspeko ibilbidea 39 km-koa da. Hiru galeriak eta beren sarbideek osatzen dute. Eguneko 600 tren igaro daitezke bertatik. Eurotunnel enpresak britainiar eta frantziar gobernuen emakida du 2052. urtea arte tunela kudeatzeko, sarbidea ordaintzearen truke. Ibilbidea 35 minututan egiten da. Tren bakoitzak 130 km orduko lastertasuna hartzen du itsaspean, 800 metroko luzera du eta 180 auto edo 120 auto eta 12 autobus garraia ditzake. Merkantzia trenek 28 kamioi eraman ditzakete. Tunela berez hiru tunel paralelok osatzen dute: trenak 7,6 m zabal diren bi tuneletatik igarotzen dira, eta erdikoa, 4,8 m zabal, mantenu eta larrialdietako zerbitzuetarako erabiltzen da; beharrezkoa balitz, bidaiariak bertatik aterako lirateke oinez. Ibilgailurik gabeko bidaiarien garraioa Eurostar enpresak kudeatzen du, Britainia Handiko, Frantziako eta Belgikako trenbide nazionalak biltzen dituen konpainiak. Eurostar trenek 140 km orduko hartzen dute tunelaren barruan, eta Paris eta Londresen arteko ibilbideak hiru ordu irauten du. ■ Historia. Albert Mathieu-Favier meatzetako ingeniaria izan zen 1802an Mantxako itsasartearen azpian tunel bat eraikitzea proposatu zuen lehena. Harrezkero proiektu asko izan dira. 1875ean John Hawkshaw ingeniari britainiarraren Channel Tunnel konpainiak Frantzia eta Britainia Handiko gobernuen baimena lortu zuen tunela egiteko, baina 1881ean agiri berri batek haren lehiakide bati, William Low-eri, eman zion baimena. Tunela egiten hasi eta berehala, bertan behera utzi behar izan zuten militar defentsa arazoak zirela eta. 1882 eta 1950 bitartean Mantxako itsasarteko 10 lege proiektu baztertu zituen Britainiar Parlamentuak, gehienak nazioko segurtasun arazoak zirela medio. 1922an berriro hasi ziren tunelaren eraikitze lanekin, baina beste behin ere eten egin zituzten. Gaur egungo tunela Estatu Batuetako Technical Studies Inc., Suez Canal Company, eta Frantziako eta Britainia Handiko konpainiez osatutako Channel Tunnel Study Group taldearen proiektuan dago oinarrituta. 112 milioi libra kostatuko zela kalkulatu zen. 1966an tunelak 365 milioi libratan eraikiko zirela eman zuten aditzera frantziar eta britainiar gobernuek, baina egitasmoak porrot egin zuen, 1970. hamarraldiaren hasierako britainiarren politika aldakorraren ondorioz. Lanak 1975eko urtarrilean gerarazi zituzten berriro, 740 m luzeko sarbideko bi tunel zulatu ondoren. 1980. hamarraldian, Tarmac enpresa eraikitzailea jarri zen proiektuaren promotore, RTZren ordez. 1984ko azaroan bi gobernuek lanak berriro hasteko erabakia hartu zuten, eta 1985eko apirilean proiektu berriak eskatu zitzaizkien promotore izan zitezkeenei. Zenbaitek zubi baten eraikuntza proposatzen zuten arren, azkenean Transmanche Link (TML) konpainiaren tunelarena onartu zen. TML zenbait herrialdetako konpainiez osatutako partzuergoa da: Britainia Handiko Tarmac, Wimpey, Costain, Balfour Beatty eta Taylor Woodrow (Translink Contractors), eta Frantziako Bouygues, Dumez, Spie Batignolles, SAE eta SGE (Transmanche Construction). TML eta bere bankuek Eurotunnel konpainia sortu zuen, eta 1987an burtsan kotizatzen hasi zen. Eurotunnel bezero bihurtu zen, eta TML bere kontratista. Lanak 1987an hasi zituzten Graham Fagg konpainia britainiarrak eta Philippe Cozette konpainia frantziarrak, bi kostaldeetatik. Zerbitzuko tunelaren bi aldeak izan ziren lotzen lehenak, 1990eko abenduan. Astebetean 426 m zulatzera iritsi ziren, eta oro har 7 milioi tona hondar mugitu ziren. Zenbait unetan 15.000 langile aritu ziren lanean. Proiektuaren hasieran kostua 4.800 milioi librakoa bazen ere, azkenean 10.500 milioi libra gastatu zituen fundazio pribatu batek. Ofizialki 1994ko maiatzaren 6an inauguratu zen, aurrez ikusitakoa baino urtebete geroago. Hala ere, arazo batzuen ondorioz, 1994ko abendua arte ez zen hasi erabateko normaltasunez erabiltzen.