Mansell, Nigel
Britainiar auto gidaria (Tewkesbury, Gloucertershire, 1953). Aurretik beste kategoria batzuetako lasterketetan parte hartu zuen arren, 1976. urtean Ford Formulan hasi zen unea hartzen da bere karreraren hasieratzat. Hurrengo denboraldian ere horretan jardun zuen, eta bitarte horretan berrogei lasterketatik gora eta Britainia Handiko titulua irabazi zituen. Geroago 3 Formulara aldatu zen (etxea saldu behar izan zuen horretarako) eta 2 Formulan hasi zen ondoren. Garaitsu hartan ezagutu zuen Lotus etxeko Colin Chapman buruzagia, eta 1 Formularako hartu zuten 1981ean. 1985. urtean lortu zuen kategoria horretako lehenengo Sari Nagusia, Williams taldearekin. Hurrengo urteetan zenbait lasterketa irabazi zituen eta bigarren gelditu zen beste zenbaitetan, 1 Formulako munduko txapelketan. 1992an ondoz ondoko garaipen gehien lortu zituen gidaria izan zen. 1993an Indy Formulara aldatu zen, Newman-Haas taldera, eta aurkezpenaren urtean bertan txapelketa irabazten lehenengoa izan zen. 1995ean berriro sartu zen buru-belarri 1 Formulan.