Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

manifestu

iz. Interes orokorreko doktrinak, asmoak edo helburuak aditzera emateko egiten den idatzia; adierazpena.  v  Manifestu Komunista. Sozialismo zientifikoaren oinarriak bilduz, 1847an Marxek eta Engelsek idatzi zuten liburua. XIX. mendearen azkenaldiko eta XX. mendeko mugimentu sozialistak eta komunistak testu horretan oinarritu izan dira. Materialismo historikoa agertzen da bertan laburturik eta koherentziaz lotua. Klase borroka historiaren eragilea dela da Manifestuan azaltzen den ideia nagusia eta bateratzailea. Haren arabera, produkzioko tresnen jabetza pribatuak berekin dakar gizarterako asmatu dituen erakundeen desoreka. Aurreramenduaren aldi bakoitzari bere gizarte egitura dagokio; produzitzeko moduaren eta gizarteko egituren arteko orekarik ezak klase borroka dakar, eta honek, berriz, iraultza. Borroka horren buru jartzen denak aginpidea eskuratu nahi izaten du gainerako klaseak zapaltzeko. Iraultza komunista egiteko, langileriak hartu beharko du klase borrokaren buruzagitza. Materialismo historikoa, ondasunak esku batzuetan pilatzeko kapitalak duen joera, klase borroka eta langileriak borroka horren burua hartu beharra dira Manifestu Komunistaren oinarrian dauden ideiak.