Mallabia
Bizkaiko ekialdeko udalerria (Durangaldea). Mugak: iparraldean Markina-Xemein, ekialdean Eibar eta Ermua, mendebalean Berriz, eta hegoaldean Ermua eta Zaldibar. Garaiera, 259 m. 23,39 km2. 1997ko datuen arabera, 1.085 biztanle, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago. Hizkuntza banaketa 1996an: 813 euskaldun, 87 ia euskaldun eta 173 erdaldun. Auzo nagusiak: Areitio (herriburua), Goitana, Gerea, Osma eta Berano. Udalerriaren iparraldetik Artibai erreka igarotzen da. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 90. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (barazkiak, bazkarako landareak, behi eta zerri azienda; langileen % 38,1) eta industria (metalurgia, plastikoak, zurgintza; langileen % 42,5) dira. Industrian diharduen askok bigarren lanbidetzat dute baserriko lana. Aipagarri dira XI. mendeko Ama Birjinaren eliza (XVIII. mendean zaharberritua), San Pedro ermita, Ama Birjina Esperantzako ermita, Gereako San Andres parrokia, Amezaga edo Mallabiako jauregia eta oinetxe batzuk.