Malvinak
Ozeano Atlantikoaren hegoaldeko uhartedia, britainiar kolonia. Guztira 16.835 km2-ko eremua hartzen du uhartediak. Bi lurralde nagusi ditu: Mendebaleko Falkland edo Malvina Handia eta Ekialdeko Falkland edo Soledad. Klima hezea eta hotza da. 1.920 biztanle (1985). Hiriburua: Port Stanley (1.000 biztanle), Ekialdeko Fakland uhartean. v Historia. 1592an J. Davis-ek aurkitu zituen uharteak, eta Bougainvillek konkistatu (1763) Luis XV.aren izenean. Ondoren espainiarrek eta ingelesek hartu zituzten (1767), geroago Argentinako errepublikak (1829), eta azkenik 1832an Ingalaterrak beretzat hartu zituen Falkland uharteak eta haren mende zeuden lurraldeak (Hegoko Georgia, Hegoko Sandwich, Hegoko Orkadak eta Hegoko Shetland). Lehen Mundu Gerran, von Spee-ren itsas gudarosteak Falklandeko itsasoko gerran Sturdee ingelesaren armadari aurre egin zion, baina honek garaitu zuen (1914ko abenduaren 8a). Argentinak beretzat eskatzen ditu uharte hauek, eta horrek sortu zuen Ingalaterraren eta Argentinaren arteko harremanak haustea (1978). Argentinak 1982ko apirilean indarrez hartu zituen; ingelesek itsas blokeo bat ezarri zieten, eta argentinarren itsas gudarosteari eraso zioten. Nazioarteko tirabira handiak ekarri zituen horrek: Estatu Batuak Ingalaterraren alde atera ziren; Hego Amerikako herrialdeak berriz Argentinaren aldeko ziren. Britainiar gudarostea lehorreratu eta borroka gogorren ondoren, argentinarrek amore eman behar izan zuten (1982ko ekainaren 14a) eta Malvina uharteak britainiarren kolonia bihurtu ziren.