Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

malaysiar-polinesiar

iz. eta izlag. Hizkl. Austronesiarra ere deituriko hizkuntza familiaz esaten da. Hizkuntza hauen eremua guztiz zabala da: Malaysia, Indonesiako uhartedia eta Filipinak osorik, eta Vietnam, Kanbodia, Taiwan, Madagaskar eta Ozeano Barearen Hego eta Erdialdeko uharteetako zatiak. Hala, familia hau munduko hedatuenetariko bat da bai geografia hedaduragatik bai hiztunen kopuruagatik. Bi adar bereizten dira: mendebaleko edo indonesiar hizkuntzena eta ekialdekoa edo ozeanikoa. Nagusia mendebalekoa da, 200 hizkuntza inguruk osaturik dago eta horien artean garrantzitsuenak lehen edo bigarren hizkuntza gisa erabiliak dira: malaiera (13 milioi hiztun), indonesiera (100 milioi), javanera (54 milioi) eta tagaloa (50 milioi). Ekialdekoak, ordea, 300 inguru dira, guztira milioi bat hiztun besterik biltzen ez dutelarik.