Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Malaga

Andaluziako ekialdeko probintzia, Mediterraneo itsasoko kostaldean. Mugak: iparraldean, Sevilla eta Kordoba; ekialdean, Granada; hegoaldean, Mediterraneo itsasoa; eta mendebalean, Cadiz. 1.177.259 biztanle (1991). Hiriburua: Malaga. 100 udalerri ditu. Lurraldearen zati handi bat Penibetika mendikatearen barruan dago. Ekialdean, gailur nagusiak Almijara, Tejeda eta Alhama dira, eta mendebalean, Serrania de Ronda. Costa del Sol kostaldeak 146 kilometroko hedadura du eta elkarren ondoan dauden hondartzez eta labarrez eratua da. Klima Mediterraneokoa du barnealdean, eta tropikoz behetikoa kostaldean (12-13 °C urtarrilean eta 25 °C inguru uztailean) eta ez du euri askorik egiten. Ibai gutxi dago, eta daudenak laburrak eta ur emari txikikoak dira; aipagarrienak Guadiaro, Guadalhorce, Guadalmedina eta Velez dira. Biztanle kopurua etengabe hazi da XX. mendean; Malagak betidanik izan duen jaiotza tasa garaiak, turismoak 1960tik aurrera izan duen gorakadak eta emigrazioa urritzeak ekarri dute biztanle kopuruaren gorakada. Espainia osoan biztanle dentsitate handiena duen probintzietako bat da (142,4 biztanle/km2ko). Ekonomia asko aldatu da 1960az geroztik. Betidanik produkzio gordinaren % 50 baino gehiago izan ziren nekazaritza eta abere hazkuntza % 7,8 ziren 1981ean, eta biztanleen % 20,9 ari zen alor horretan lanean. 1981ean, zerbitzuen alorra produkzio gordinaren % 68,8 zen, eta alor horretan ari zen biztanleen % 54,1; alor honen garrantziaren arrazoi nagusia turismoa da. Arrantza, industria (kimika, mekanika) eta ardogintza ere garrantzi handiko alorrak dira.  v  Historia. Musulmanen garaian taifa erresuma izan zen lehenik; gero Granadako erresumaren barnean geratu zen. XVIII. mendetik aurrera Ameriketarako itsas bidaldiek eta merkataritzak aberastasun handia ekarri zioten Malagari. 1822an probintzia bilakatu zen. XIX. mendean ekonomiak garapen handia izan zuen ehungintzari eta siderurgiari esker; gero gainbehera etorri zen, harik eta XX. mende erdialdean turismoari, ehungintzari, elikagaien industriari eta eraikuntzari esker ekonomiak berriro gora egin zuen arte.