Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

malaiar

iz. eta izlag. Asiako Hegoaldeko Malaka penintsulan eta inguruko lurraldeetan eta uharteetan finkaturiko etnia bateko kidea; horri dagokiona.  v  Malaiarrak larru horixkakoak edo beltzaranak dira, txikiak, hazpegiz mongoliarren eitekoak, eta ile beltz leuna dute. Austronesiar (malaysiar-polinesiar) familiako hizkuntzak erabiltzen dituzte.  v  Malaiar herriak, seguruenik, Borneoko kostaldean du bere jatorria. Duela 1.500 urte hedatzen hasi ziren eta gaur egun Malakan (% 53) eta Indonesian (Sumatra, Java, Madura, Bali, Sumbawa, Flores) bizi dira batez ere; halaber, Malaysia eta Filipinetako uharte guztietara iritsi ziren, bertako biztanleria barnealdera bazterreratuz. Malaiarrak finkatu diren tokietako herrien kulturak eragin handia izan du berean (Siam, Java eta Sumatrakoak gehienbat). Indiaren eragina ere handia izan da, eta hinduismoa asko zabaldu zen malaiarren artean, harik eta XV. mendean musulman egin ziren arte. Malaiar gehienak nekazariak dira eta herrixketan bizi dira, habe gainean eraikitako etxeetan. Malakako penintsulan nekazaritzako gai garrantzitsuena arroza da; bestalde hango kautxu ekoizpena munduko lehenetarikoa da.