Maconchy, Elizabeth
Britainiar musikagilea, jatorriz irlandarra (Broxbourne, Herts, 1907 - 1994). Bere belaunaldiko ganbera musika lanen egile nagusietako bat da. Sei urte zituela hasi zen musika egiten. Royal College of Music-en egin zituen ikasketak Charles Wood-ekin. Béla Bartóken musikak eragin handia izan zuen Maconchyren lanetan. Beka bat lortu zuen Karel Boleslav Jirák-ekin Pragan ikasteko, eta han egin zituen bere lehenengo lan serioak (Kontzertua piano eta orkestrarako, eta Lurra orkestrarako suitea). Urte horretan bertan, William Le Fanurekin ezkondu zen eta Suffolken hartu zuen bizilekua. 13 kuartetoko sail bat egin zuen harizko tresnetarako 1933-1984 urteen bitartean. Ahotserako lanetan (Heloise and Abelard, besteak beste), hiru operetan eta orkestrarako lanetan argi eta garbi ikusten dira Maconchyren maisutasun teknikoa eta estilo berezia. Zehatz-mehatz adierazi ez bazuen ere feministen aldekoa zenik, lan handia egin zuen emakumezko musikagileen alde. Composers' Guild-eko lehenengo kide emakumezkoa izan zen, eta Britainia Handiko Musika Berria Sustatzeko Elkarteko lehendakari izan zen.