Lukin
Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria, Iguzkitza ibarrean (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Luquin du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Iguzkitza eta Doneztebe-Deio; ekialdean Aberin; mendebalean Doneztebe-Deio, eta hegoaldean Barbarin eta Arronitz. Garaiera, 607 m. 8,53 km2. 1999ko datuen arabera, 131 biztanle ditu (lukindarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa), abeltzaintza (ardi eta zerri azienda) eta zurgintza dira. Aipagarri dira XIII-XVIII. mendeetako San Martin Apezpikuaren parrokia eliza barrokoa, 1712. urteko Ama Birjinaren basilika, San Isidro Laborariaren ermita modernoa eta XVII. mendeko etxe armarridunak. v Historia. 1150. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Lukingo herria. 1845ean udalerri bihurtu zen.