Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

López Michelsen, Alfonso

Kolonbiar politikaria (Bogota, 1913 – Bogota, 2007). Errepublikako lehendakaria izan zen 1974. urtetik 1978. urtera. Kolonbiako lehendakari ohi Alfonso López Pumarejoren eta Maria Michelsenen semea zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta 1938an hasi zuen politikari karrera. 1960an Movimiento Revolucionario Liberal alderdia sortu zuen. 1974an lehendakari izendatu zuten. Nazioaren intereseko hainbat proiektu egin zituen, hala nola ekonomia larrialdirako plana, zergen erreforma, inflazioaren jaitsiera eta abar. Politikari izateaz gainera, irakasle eta idazle ere izan zen. Idazle gisa izaera historiko eta politikoko saiakerak idatzi zituen: Introducción al estudio de la Constitución de Colombia (1942), Los últimos días de López (1961), Con mis propios ojos: críticas, crónicas, entrevistas y discursos 1953-1982 (1982) eta El quehacer literario (1989) besteak beste. Horiez gainera, hainbat eleberri argitaratu zituen, besteak beste, Los Elegidos (1953).