Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lockheed

Estatubatuar enpresa aeroespaziala, 1995 arte munduko aireontzi militar eta arma fabrikatzailerik handienetako bat. 1995ean Martin Marietta enpresarekin batu zen, eta munduko armagintza talderik handiena eratu zuen horrela. 1913an Loughead izeneko anaia irlandar batzuk ur-hegazkinak egiten hasi ziren, eta 1926an Allan Loughead-ek Lockheed konpainia berria sortu zuen, eta harrezkero hegazkin militar eta zibil ugari egin ditu. Lehenengo hegazkinak, Vega-k, arrakasta handia lortu zuen. Ondorengoak ere garrantzitsuak izan ziren: 1930eko Orion-ek adibidez, helize sistema berritzaile bat zuen. Handik gutxira finantza talde batek bereganatu zuen konpainia. 1934ko L.10 Electra modeloak hamar bidaiari eraman zitzakeen, eta 1939ko P-38 Lighting-a Bigarren Mundu Gerrako hegazkinik ikaragarrienetako bat izan zen. 1950ean sortutako Super Constellation L. 1049 merkataritzako hegazkina garraio konpainia askorentzat eredu izan zen, erreaktorea iritsi arte. Hain zuzen ere Lockheed enpresak sortu zuen estatubatuar armadarako lehen borroka erreaktorea. Hamarkada horretan bertan beste zenbait modelo sortzeaz gainera, espioi lanetarako hegazkinak egiteari ekin zion: U-2 eta 1960. hamarraldiko A-12 Blackbird (geroago SR-71 izenez ezagutua) modeloak adibidez. 1970ean aurkeztu zuen lehen merkataritzako erreakzio hegazkina, L-1011 TriStar-a, baina arrakasta handirik izan ez zuenez, merkataritzarako hegazkinak egiteari utzi zion, eta armadarako borroka hegazkinetara itzuli zen: 1980ko hamarraldian adibidez, F-117A Nighthawk-a egin zuten, gerra elektronikoan espezializatua, eta radarrari ihes egiteko teknologia berrienak zituena. Martin enpresarekin elkartu aurretik, Estatu Batuetako armadak ehiza hegazkintzat aukeratutako F-22 modeloa egiten parte hartu zuen.