Lodge, Thomas
Ingalaterrako poeta, eleberrigilea, dramagilea eta saiakeragilea (West Ham, Essex, 1558 - Londres, 1625). Arte ikasketak egin zituen Oxforden; 1580an A Defense of Poetry, Music and Stageplays (Poesiaren, musikaren eta antzerki obren alde) izeneko kritika obra plazaratu zuen. Abenturazalea zen eta Clarke kapitainak Kanarietara eta Azoreetako Terceira uhartera eginiko espedizio batean parte hartu zuen. Bidaialdi hartan idatzi zuen Rosalynde, gorteko bizimodu artifizialaren aldera naturaren araberako bizimoduaren aldeko kantua egiten duen eleberria (1580). Shakespearek nobela hartatik hartu zuen As You Like it (1599, Nahi duzun bezala) antzerki obraren gaia. Beste bidaia bat egin zuen Brasil eta Magallanes itsasarte aldera, eta Scillaes Metamorphosis (1589, Scillaren metamorfosia) eta A Margarite of America (1596, Ameriketako margarita) bertso nobelak idatzi zituen bidaia haietan. Londresa itzuli eta antzerki munduan murgildu zen, Robert Greene-rekin batean: A Looking Glasse for London and England (1954, Londres eta Ingalaterrarako ispilua). Katoliko bihurtu zen emakume katoliko batekin ezkontzeko, eta didaktika eta moral obrak idatzi zituen azken urteetan.