Lincoln, Abraham
Estatu Batuetako politikaria (Hodgenville, Kentucky, 1809 - Washington, 1865). Kolono baten semea zen eta Indianako lurretan eman zituen haurtzaroko urteak. Indiarren aurkako erasoetan parte hartu zuen (1832) eta ondoren legegizon ikasketak egin zuen, autodidakta gisa. 1847an diputatu aukeratu zuten Illinoisen eta Mexikoren aurkako gerraren kontra agertu zen. 1854an zehaztu zen esklabotasunaren aurkako jarrera eta 1856an alderdi errepublikarreko kide bihurtu zen. Urte horretan bertan senaturako bidea eragotzi zion Stephen Douglas demokratak, baina oihartzun handia izan zuten Estatu Batuetan esklabotasuna indarrik gabe uztearen alde erabili zituen argudioak. 1860an Estatu Batuetako lehendakari aukeratu zuten eta berehala bereizi ziren Hegoaldeko estatuak Batasunetik. Gerra zibila saihesten saiatu zen eta 1863 arte ez zuen esklabotasuna bertan behera uzten zuen legea ezarri. Erabaki horretan pisu handiagoa izan zuen, agian, Iparraldeko estatuen interesen babesak biztanle beltzen askapenak baino. 1864an, Grant jenerala jarri zuen iparraldeko gudarostearen buruzagi eta politika jardunetara mugatu zen. Lee jeneral hegoaldetarrak armak utzi ondoren (1865), Estatu Batuetako biztanle guztiak elkarganatzeko programa bat prestatu zuen. Hegoaldeko antzezle fanatiko batek 1865ean hil zuen. 1868an Ulisses Grant aukeratu zuten lehendakari eta Lincolnek aurrez antolatuaz bestelakoa egin zuen, zapalkuntza latz bat bideratu baitzuen hegoaldeko estatuen aurka.