Liechtenstein
(Izen ofiziala, Liechtensteingo Printzerria; Al., Fürstentum Liechtenstein). Europako erdialdeko printzerri burujabea, Suitzaren (Saint-Gall kantonamendua) eta Austriaren (Vorarlberg-eko eskualdea) tartean dagoena. 160 km2 eta 34.498 biztanle (2008ko estimazioa, liechtensteindarrak), 200 biztanle km2-ko. Hiriburua: Vaduz. Hiri nagusiak: Schaan, Balzers. Gizataldeak: germaniarrak % 87,5; italiarrak, turkiarrak eta beste batzuk, % 12,5. Hizkuntza: alemana (bertako dialektoa). Erlijioak: kristauak, % 87,9 (horietatik, katolikoak % 80, protestanteak % 7), musulmanak, % 4. Dirua: Suitzako frankoa, Liechtensteingo frankoa. ■ Biztanleak eta gizartea. Liechtenstein Europako laugarren herrialderik txikiena da. Biztanleen hirutik bat, gutxi gorabehera, atzerritarra da (alemana, austiarra, suitzarra…). Liechtensteindarrak germaniar herriaren ondorengoak dira (K.o. 500 inguruan finkatu zen herri hura Europa erdialdean) eta hizkuntza ofiziala alemana badute ere, gehienak bertako dialekto batean mintzatzen dira. Jendea herri txikietan sakabanatuta bizi da (Vaduz —hiriburua— da handiena, eta 5.000 biztanle inguru ditu). Biztanleriaren urteko hazkunde tasa % 0,78koa da. Bizi itxaropena, berriz, 79,6koa da, batez beste. Emankortasun indizea emakumeko 1,6 haurrekoa da. % 100eko alfabetatze maila du, eta munduko hezkuntzarik bikainenetakoa du, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera. ■ Gobernua eta administrazioa. Monarkia konstituzionala da Liechtenstein, eta estatuaren buruan jaraunspenez transmititzen den printze bat du. 1921ean onartutako konstituzioa dago indarrean, baina 2003ko erreferendum batean konstituzio berria eratzeko proposamenari onespena eman zioten herritarrek; konstituzio berriak monarkiaren boterea zabaltzea proposatzen du, eta kritika asko izan ditu nazioartean. 25 diputatuz osatutako ganbera bakarreko legebiltzarrari (Landtag) dagokio legegintza eskumena. Esandako legebiltzarkideak 4 urteko legealdirako aukeratzen dira 20 urtez gorakoen sufragio unibertsalez (1984ko irailetik aurrera dute emakumezkoek botoa emateko eskubidea). Parlamentuko gehiengoaren arabera, printzeak gobernuburua eta lau kantziler hautatzen ditu gobernua osa dezaten. Administrazioari dagokionez, 11 udaletan banatuta dago printzerria: Balzers, Eschen, Gamprin, Mauren, Planken, Ruggell, Schaan, Schellenberg, Triesen, Triesenberg eta Vaduz. Bi dira Liechtensteingo alderdi politiko nagusiak: Aberri Batasuna edo alderdi “gorria”, eta Hiritar Progresisten Alderdia edo alderdi “beltza”. ■ Ekonomia. Liechtensteinek du Europako biztanleko BPG garaiena. Nekazaritzan (laboreak, ardotarako mahatsa, patatak, esnetarako aziendak) biztanleria aktiboaren % 3 baino gutxiago enplegatzen da; bigarren sektorea puntako industria oso anitzean oinarritua da (metalezko produktuak, makineria, doitasun tresneria, farmazia ekoizkinak, ahorako protesiak…) eta langileen % 43 inguru biltzen ditu. Azkenik, zerbitzuen sektorea (biztanleria aktiboaren % 55 enplegatzen du) turismoan (Malbuneko negu estazioa), filatelian eta, batez ere, merkataritza, finantza eta banka jardueretan bermatzen da. Izan ere, printzerriko legediak eta baldintza fiskal bereziek erakarrita, elkarte, holding eta fundazio askoren egoitza bilakatu baita (kalkulatzen da atzerriko 70.000 konpainia inguruk dutela egoitza Liechtensteinen). Finantza eragiketak gauzatzeko lekua hautatzerakoan, paper garrantzizkoa jokatzen dute, orobat, banku sekretuak eta printzerriko dirua Suitzako frankoa ere izateak (Suitzarekiko aduana eta diru batasuna duenez). Edonola ere, 2007an zerga eskandalu handia gertatu zen, beste herrialde batzuetaik harako kapital ihesa zela-eta, eta Europar Batasuna finantzetan kontrol zorrotzagoa ezar dezan eta banku sekretua arin dezan eskatzen ari zaio printzerriari. ■ Suitzarekin aduana eta diru batasuna izateaz gainera, Europar Ekonomia Espazioko kide da Liechtenstein, 1995etik, eta Europar Batasuneko estatuekin gauzatzen ditu bere merkataritza eragiketen % 40. Hala ere, immigrazioa kontrolatzearren, printzerriak ez du oraingoz aplikatu pertsonen zirkulazio librea. ■ Historia. Vaduz eta Schellenberg-eko jaurerriek osatuta dago Liechtenstein; izen bereko familiak erosi zituen lurralde horiek (1699) eta Karlos VI.a enperadoreak printzerri bihurtu zuen 1719an. 1806-1814 bitartean Rhin-eko Konfederakuntzako kidea izan zen eta 1815-1866 urteetan Germaniakoa. 1866tik Lehen Mundu Gerra artean, berriz, Austriako administrazioaren mende egon zen. 1921ean, gerra amaituta, konstituzioa onartu eta Suitzaren mende geratu zen ekonomia eta aduanei dagokienez. Liechtensteingo printzerriko aginpidea herentziaz jasotzen da 1921eko konstituzioaren arabera eta lau urtean behin 20 urtetik gorako gizonezko eta emakumezko (emakumezkoek ez zuten botorik emateko eskubiderik 1984. urtea arte) biztanleek hautatzen dituzten 25 lagunek osatzen dute legegintzarako aginpide organoa. 1970eko otsailaren 1ean, 1928tik lehen aldiz, Aberri Batasunak (edo alderdi “gorriak”) irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak, Hiritar Progresisten alderdi “beltzaren” kaltetan. 1968ko uztailean eta 1973ko otsailean erreferendumak egin ziren emakumezkoen boto eskubidea onar zedila proposatuz, baina bietan ezezkoaren aldekoek irabazi zuten. Azkenean, 1984ko irailean onartu zitzaien emakumezkoei hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea. 1974ko otsaileko hauteskundeak Hiritar Progresisten alderdiak irabazi zituen eta Walter Kieber izendatu zuten gobernuko buru. Baina 1978ko hauteskundeak Aberri Batasunak irabazi ondoren, Hans Brunhart bilakatu zen Lehen Ministro eta postu horri eutsi zion 1982ko eta 1986ko hauteskundeen ondoren. 1989an, Frantzisko Jose II.a hil zenean, haren seme Hans Adam II.a eseri zen printzerriko tronuan, eta printze berriak ordu arteko politika giro lasaia eta adostua aldatu zuen. 1993an, Hans Adam II.ak, konstituzioak izendatzen zizkion funtzioak betetzea erabaki ostean (nahiz eta erretiratu beharra duen herriak hala eskatuz gero), Liechtensteingo legebiltzarra deuseztatu egin zuen, legebiltzar horrek, izan ere, 1993ko irailean, Hiritar Progresisten alderdiko Lehen Ministroa, Markus Büchel, errefusatu egin baitzuen. Hauteskunde berriak (1993ko urrian) alderdi “gorriak” irabazi zituen, eta alderdi horretako buruzagia, Mario Frick, bilakatu zen Lehen Ministro. Printzeak kanpo harremanetarako politika aktiboagoa eta burujabeagoa bermatu nahi izan du. 1990ean sartu zen printzerria Nazio Batuen Erakundean eta 1991n Truke Libreko Europar Elkartean sartu zen. 1992ko erreferenduma Europar Ekonomia Espazioan sartzearen aldekoa izan zen eta 1923an Suitzarekin sinatutako hitzarmenak berraztertzera behartu zituen printzerriko agintariak, konpromiso berriekin bateratu ahal izateko. 2005eko legebiltzarrerako hauteskundeetan Hiritar Progresisten Alderdia izan zen garaile eta alderdi horretako Otmar Hasler izendatu zuten gobernuburu.
http://www.liechtenstein.li/