Lewis, Joseph H
Estatubatuar zinema zuzendaria (New York, 1900 - 2000). Zinemaren arloan zenbait lanetan aritu ondoren –operadore laguntzaile, muntatzaile, zuzendari laguntzaile, etab.–, 1937an bere lehen filma zuzendu zuen, Navy Spy, gehienetan gidoilari izan ohi zen Crane Wilbur-ekin batera. Erabiltzen zuen erritmo bizkorra zela eta, westernak eta ekintzez beteriko filmak eskaini zioten, baina B sailekoak betiere. Bigarren Mundu Gerratik itzuli zenean izan zituen, zalantzarik gabe, bere urterik oparoenak. My Name is Julia Ross (1945), So Dark the Night (1946), Desperate Search (1952), Cry of the Hunted (1953) eta, bereziki, Deadly is the female (1949) eta Agente berezia (1955) dira Lewisen urte haietako film garrantzitsuenetako batzuk. Azken urteetan westernak (Terror in a Texas Town, 1958) eta telebistarako filmak (Bonanza, 1959) zuzendu zituen. Sormen handiko zuzendaria zen, baina behin eta berriro besteek nahi ez zituzten B saileko filmak eskaintzen ziotenez, ez zuen bere sormena behar bezala garatzerik izan.