Lendl, Ivan
Estatubatuar tenislaria, jaiotzez txekiarra (Ostrava, 1960). 1975ean hasi zen gazte mailako nazioarteko txapelketa nagusietan jokatzen, eta 1978an bere mailako tenislari onena bilakatu zen. 1979an profesionaletara igaro eta 1980an zazpi txapelketa irabazi zituen. Garaipen ugari erdietsi arren, horien artean izen handiko Volvo saria 1982 eta 1983an, 1984. urtean John McEnroe Roland Garros-en mendean hartu zuen arte, ez zuen Gran Slam-eko lehiaketarik irabazi. 1985ean Estatu Batuetako irekia irabazi zuen, berriro ere McEnroe mendean hartuz, eta hurrengo bi urteetan Estatu Batuetako nahiz Frantziako lehiaketak irabazi zituen. Munduko tenislari onena izan zen 1985-90 bitarteko hainbat alditan, eta Australiako irekia ere bi aldiz irabazi zuen: 1989 eta 1990ean. Bere indar eta gaitasun fisikoagatik ezaguna, edozein motatako pistetan moldatzen zen, belar gainean izan ezik, eta horrek eragotzi zion Wimbledongo lehiaketa irabaztea. Jokalari garrantzitsua izan zen, halaber, 1980an Txekoslovakiak Davis Kopan lortutako lehen garaipenean. 1992an lortu zuen Estatu Batuetako hiritartasuna, eta sorbaldan zuen arazo batengatik 1994an utzi zion tenisean jokatzeari.