Lelouch, Claude
Frantses zinema zuzendaria (Paris, 1937). Hamahiru urte zituela egin zuen bere lehen laburmetraia. Bere kasa eginiko sei film ia ezezagunen ondoren Gizon bat eta emakume bat (1966, Un homme et une femme) izenekoak nazioarteko ospea eman zion. Lelouch-en filmek zoriontasunean eta arrakastan hartzen dute oinarri. Azken urteotan egin dituen filmetan, hauek dira aipagarrienak: Itinéraire d’un enfant gâté (1988, Jean Paul Belmondorekin), Hommes, femmes, mode d’emploi (1996, Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoiarentzat izendatua).