Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Legris, Manuel

Frantses dantzaria (Paris, 1964). 1976an Parisko Operako eskolan sartu zen. 1980an, ikasketak amaitzen ari zela, Parisko Operako balletean hartu zuten. Etorkizun izugarria iragarri zioten. John Neumeier-ek bakarlari proposatu zion Udako gau bateko ametsa lanean. 1984an Osakako (Japonia) nazioarteko lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen. 1983an bakarlari gisa lan egin zuen Raymonda lanean. 1985-1986 bitartean Napoli, Vladimir Bourmeister-en Beltxargen aintzira, Rudolf Nureiev-en Romeo eta Julieta, Balantxineren Cristalezko jauregia eta Anthony Tudor-en Lila loreen lorategia lanetan dantzatu zuen. 1986an dantzari nagusia izan zen Raymonda lanean, eta arrakasta handia izan zuen New Yorkeko Metropolitan Operan. Maurice Béjart-en Arepo, Wiiliam Forsythe-ren In the Middle Somewhat Elevated (1987) eta John Neumeier-en Sylvia (1997) lanetan ere paper nagusiak izan zituen. Andy Degroat eta Angelin Preljocaj koreografoek berekin lan egiteko eskatu zioten. Vienako Operak Raymonda (1985 eta 1989) eta Loti ederra (1989) lanetan aritzeko deitu zion; Milango Scalak Don Kixote (1982), Loti ederra 1989-1991) eta Manon (1995) lanetarako; Stuttgarteko Balletak Loti ederra (1989 eta 1991) lanean aritzeko; Londresko Covent Garden-en Beltxargen aintzira (1993) dantzatu zuen Sylvie Guillenekin.