Lee “Scratch” Perry
Jamaikar musikaria (St. Mary’s, 1936). Garrantzi handiko musikaria da reggae musikaren historian, eta dub deritzon estiloaren sortzailea dela esan daiteke. 1950eko hamarkadaren amaieran hasi zen musikagintzan, Prince Buster mitikoarekin. 1968an Upsetter izeneko disko-etxea sortu eta bere lehen diskoa argitaratu zuen: People Funny Boy. 1970eko hamarkadan hainbat goitizen (Jah Lion, The Upsetter) erabiliz grabatu zuen, nazioartean ezaguna egin zuen izena, Lee “Scratch” Perry, hartu zuen arte. Urte haietan, Jamaikatik kanpo arrakasta izan zuten hainbat kanta grabatu zituen: Clint Eastwood eta The Return of Django, besteak beste. Hamarkada honen amaieran, bere musika-banda eratu (The Upsetters) eta bere grabaketa estudioa eraiki zuen: Black Ark. Estudio horretan grabatu zuten, beste batzuen artean, Bob Marley-k eta The Clash taldeak. Azken hamarkada hauetan udazkenean oso ugariak izan dira Lee-ren diskoak, eta benetan luzea da ekoizle, musikari edo kantari gisa beste musikari batzuei lagunduz egindako Leeren lanen zerrenda.