Lanuza
Espainiako aitonen semeen dinastia, Juan de Lanuza II.ak sortua. Lanuzarrek Aragoiko Epaile Nagusien kargua bere esku izan zuten urte askotan: jaunen eta aberatsen arteko istiluak eta erregeen eta aitonen semeen artekoak konpontzeko ardura zuten. v Juan II.a (Napolin hila, 1507an). Aragoiko Epaile nagusia izan zen eta bere aurrean zin egin zuten foruak errespetatuko zituztela Fernando Katolikoak eta Elisabet I.a Gaztelakoak. Valentziako eta Kataluniako eta Napoliko erregeordea izan zen. v Juan V.a. Aragoiko Epaile Nagusia (1564 - Zaragoza, 1591). Antonio Pérez erregearen idazkariaren alde agertu zen erregeak Escobedoren hiltzailetzat hartu zuenean, eta ez zituen bete Filipe II.aren eta Inkisizioaren aginduak. Jaun gehienak Juan V.aren kontra jarri ziren eta 1591n erregeak Zaragozara bidalitako soldaduek harrapatu eta lepoa moztu zioten. v Martin Bautista. Aragoiko epailea (Zaragoza?, 1550 - Zaragoza?, 1622). Antonio Pérez-en kontrako salaketa onartu eta Pérezen kontrako auzi agiria idatzi zuen. Erregezalea zen; 1591n epaile nagusia Inkisizioaren alde jartzea onartu zuen eta kargu hura eskuratu zuen ondoren. Erregeorde eta Aragoiko kontseilu nagusiko kidea izan zen.