Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lantziego

Arabako hegoaldeko udalerria (Arabako Errioxa). Mugak: iparraldean, Kripan eta Meanuri (Nafarroa); ekialdean, Oion eta Ekora; mendebalean, Bilar eta Kripan eta hegoaldean, Biasteri eta Logroño. Garaiera, 545 m. 24,35 km2. 1997ko datuen arabera, 647 biztanle ditu (lantziegarrak). Hizkuntza banaketa 1996an: 78 euskaldun, 31 ia euskaldun eta 528 erdaldun. Herrigune hauek osatua da Lantziegoko udalerria: Lantziego (herriburua), Viñaspre edo Benasperi eta Asa. Viñaspre eta Galijo errekak igarotzen dira Lantziegoko udalerritik. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XVI. mendea baino lehen galdu zen. Laborantzan (mahatsa, garagarra, garia, olibondoak) eta abeltzaintzan (ardi azienda) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 67). Aipagarri dira Lantziegoko harlanduzko parrokia eliza, Ama Birjina Larreko ermita eta Armendarizeko markesaren jauretxearen hondakinak.  v  Lantziegoko udalerriko herriburua (Arabako Errioxa). 521 biztanle. Hizkuntza, gaztelania. Euskara XVI. mendea baino lehen galdu zen.