Lantz
Nafarroako erdialdeko udalerria (Anue ibarra, Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Baztan; ekialdean, Esteribar; mendebalean, Ultzama eta hegoaldean, Anue ibarra. Garaiera, 629 m. 16,71 km2. 1999ko datuen arabera, 120 biztanle ditu (lanztarrak). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Gailur garaiak ageri dira Lantzeko herriaren hegoaldean: Saioa (1.459 m), Gartzaga (1.296 m) eta Okolin (1.362 m). Lantz errekak zeharkatzen du udalerria eta Mediano ibaia udalerriaren ezkerralderik igarotzen da. Euskara, goi-nafarrera; euskaldunak, % 35. Laborantzan (artoa, landare lekadunak, patata, bazkarako landareak), abere hazkuntzan (behi eta ardi azienda) eta baso ustiakuntzan oinarritzen da ekonomia jarduera nagusia (langileen % 70). Ospe handikoak dira bertako inauteriak. Aipagarri dira XVII eta XVIII. mendeetako etxe handiak. v Historia. 1264. urtean jaso zituen Iruñeko foruak Teodebaldo II.a Nafarroako erregearen eskutik.