Lacoste, Yves
Frantses geografoa (Fez, Maroko, 1929). 1952an egin zen katedradun, eta Pierre Georges eta Jean Dresch geografo marxisten babespean hasi zuen unibertsitateko ibilbidea. 1965ean Azpigarapenaren geografia liburua argitaratu zuen. Ekonomia eta gizarte arloetan egindako ikerketa eta gogoetak politika alorrera hedatu ziren 70eko hamarkadan, Yves Lacoste Vincenneseko Unibertsitateko geografia sailaz arduratu zenean. 1976an Geografiak, beste ezertarako baino lehen, gerra egiteko balio du liburua idatzi eta Hérodote geografia aldizkaria sortu zuen, Hirugarren Munduari buruzko tesien eta Frantziako nahiz mundu osoko gatazka politiko korapilatsuen adierazpen gune bilakatu zena. Lacosteren arabera, geografia politikoak interesen arteko liskar gisa ikertu eta azaldu ohi ditu munduko gatazkak, baita herrialde bateko desberdintasun etniko eta konfesionalak ere. Frantziako herrialdeen geopolitikak (1986) eta Geopolitika hiztegia (1993) obrak zuzentzeaz gainera, lan horien idazketa lanetan ere parte hartu du Lacostek.