Lacombe, Georges
Frantses euskalaria (Ortheze, 1879 - Paris, 1947). Aita frantsesa zuen eta ama Nafarroa Beherekoa. Parisen egin zituen letra ikasketak. Han bertan, Sorbonan, ikasi zuen filosofia, eta Salaberryren kantutegian oinarri hartuta, euskal gaiez arduratzen hasi zen. Euskalerriaren Alde eta Eskualduna aldizkarietan hasi zen idazten. 1907an RIEVeko idazkari izendatu zuen Julio Urkijok. Gutun bidezko harremana izan zuen Azkuerekin, Broussainekin, Urkijorekin, Landerretxerekin eta Guillaumerekin, besteak beste. Parisko «Société Linguistique»eko eta Antropologiako Institutu frantseseko kide izan zen, eta Eskualdunen Biltzarreko lehendakari. Lehen Mundu Gerran zauritu zuten eta eskuineko besoa galdu zuen. 1920an, Lacombek Broussainen lekua hartu zuen Euskaltzaindian. Aldudeko eta Zuberoako hizkerei buruzko lan bana egin zuen, gaur egun gehienak galdu badira ere. Gavelekin batera Grammaire Basque (1937, lehen liburukia) argitaratu zuen, baina bukatu gabe geratu zen. 150 bat lan argitaratu zituen RIEV aldizkarian. Ideologiaz liberaltzat, apolitikotzat eta agnostikotzat hartzen zuen bere burua. Lacomberen gutunak gizalegez beteak, Bulletin du Musée Basque-n argitaratu ziren (1968, 1982, 1985).