Lacoste, René
Frantses tenislaria (Paris, 1904 - Donibane Lohizune, 1996). Krokodilo goitizena zuen. 1927, 1928 eta 1929an Davis kopa irabazi zuen Frantziako tenis taldeko lau tenislari mitikoetako gazteena zen. 1926 eta 1927an munduko tenislaririk onena eta hurrengo bi urteetan bigarren onena izan zen. Hiru aldiz irabazi zuen Roland Garroseko txapelketa (1925, 1927 eta 1929an), bi aldiz Wimbledongoa (1925 eta 1928an) eta bi aldiz Forest Hillsekoa (1926 eta 1927an). Bikoteka ere hiru aldiz irabazi zuen Roland Garroseko lehiaketa (1924, 1925 eta 1929an) eta behin Wimbledonekoa (1925ean) Jean Borotrarekin batera. Tenislari bikain honek, 1929an utzi zion lehiaketetan parte hartzeari. Harrezkero bere ospe handiari esker arrakasta handiz merkaturatu ahal izan zituen bere izeneko jantziak, krokodiloa ikur gisa daramatenak.