La Olivako monasterioa
Nafarroako XII. mendeko monasterio zistertarra. Zarrakazteluko udalerriaren eremuetan dago, Errege Bardeetatik hurbil (Tuterako merindadea). v Historia. 1134. urtean Gartzea V.a amirez Nafarroako erregearen aginduz sortua, elizaren eraikuntza 1198an amaitu zen. Etengabeko garapena eta oparotasuna izan zuen abade etxeak XVI. mendearen hasiera arte; herri ugari zeuden monasterioaren mende (Figarol, Zarrakastelu, Aragoiko bortziriak, Melida, Muruzabal, Murelu-Hautsi, Murelu-Konde, Lodosa, Ibiriku, Kaparroso, Zizur, …). XVII. mendearen bukaeran Aragoiko Kongregazio Zistertarraren barne geratu zen La Oliva. Inprimeria batez hornitu zuten mende berean eta Nicolas Bravoren bi obra eman zituzten argitara 1647an eta 1948an: Tractatus monasticus eta Notae literales Regulae Smi. P. N. Benedicti abbatis. XVIII. mendearen hasieran La Olivako ekonomiaren gainbehera hasi zen eta Murelu-Konde saldu behar izan zuten lehenik. Konbentzioko gerra garaian erietxe bihurtu zen (1.200 gaixo biltzen ziren hara). XIX. mendearen hasieran bi aldiz egon ziren itxita monasterioko ateak eta mende bereko 25-35. urteetan, Arizmendi eta Lizarraga abadeen zuzendaritzapean eta absolutismoaren onespenaz, nolabaiteko berpizkundea izan zuen arren, militarrek hartu zuten 1835. urtean eta bertako ondasun guztiak saldu zituzten. 1927. urtea arte ez zen zaharberritu monasterioa eta 1948. urtean bihurtu zen, berriro ere, abade etxe. v Artea. XII. mendearen bukaeran eta XIII. mendearen hasieran eraiki zen La Olivako Santa Maria monasterio zistertar garbia. Elizaren planta gurutze latinokoa da; hiru habearte ditu, trantseptua eta kapera erdizirkularreko burualdea. Klaustro erromaniko (XII. m.) baten gainean eraikia da planta lauangeluarreko klaustro gotiko zoragarria (XIV-XV. mendeetan egina). XII. mendekoa da, halaber, Kabildoko Areto zistertarra, sakristia zaharra eta Jesu Kristoren kapera bezala.