La Cosa, Juan de
«Juan Vizcaíno». Bizkaitar kosmografoa (Enkarterri, Castro Urdiales edo Santoña, 1449 ? - Tierra Firma, egungo Kolonbia, 1510). Bere jaioterria ez da zehazki ezagutzen (Castro aldean ziurrenik), baina Juan Vizcaíno deitu zuten beti (1476 arte Castro Urdiales Bizkaiko hiria izan zen). Jakituria handiko itsasgizona zen eta Kolonen laguntzaile izan zen Ameriketako lehen bi bidaietan. Tirabira handiak izan zituen Kolonekin, eta Alonso de Ojedarekin egin zuen Ameriketarako hirugarren bidaldia (1499-1500). Bidaia haren ondotik egin zuen Juan de La Cosak bere mapamundi ospetsua, Ameriketako kontinentea (Antilletatik Amazonas ibaira), Europa eta Afrikarekin batera, erakusten duen munduko lehen karta. Kantaurialdeko itsasertzaren mapa ugari prestatu zituen eta beste lau bidaia egin zituen Ameriketara. Kolonbiako indiarren aurkako gudu batean hil zen 1510ean.