La Bruyère, Jean de
Frantses idazle moralista (Paris, 1645 - Versailles, 1696). Parisko etxe burges batean sortu zen eta, legegizon gisa lanean aritu ondoren, Condé eta Borboi etxeetan lan egin zuen irakasle, idazkari eta liburuzain gisa, Bossuet-en laguntzari esker. Arrotz aristokraten artean, La Bruyèrek gorabehera handiak izan zituen urte horietan, baina atarramendu onik atera zuen egoera zail hartatik, bere begi zorrotzari eta estilo argi bezain aberatsari esker. 1688an argitaratu zuen, egile izenik gabe, Les Caractères de Théophraste traduits du grec avec les caractères ou les moeurs de ce siècle (Theofrastoren izaera-bilduma, grekotik itzulia, mende honetako izaeren eta ohituren arabera) satira obra handia. La Bruyèrek Teofrasto K.a. IV. mendeko idazle grekoaren obra hartu zuen oinarritzat XVII. mendeko gizarte frantsesa, goi mailako aristokrazia eta agintariak batez ere, satira maxima eta erretratu biziez deskribatzeko. Obra horrek arrakasta handia izan zuen hasieratik; argitalpen asko egin ziren hurrengo urteetan eta Frantziako literaturako maisu obratzat hartua izan da XIX. mendeaz geroztik. Satirak zirela eta, oztopo handiak izan zituen La Bruyèrek Frantziako Akademiako kide izateko, baina 1693an egin zioten azkenean sarrera.