Kotzebue, August Von
Alemaniar idazlea (Weimar, 1761 - Mannheim, 1819). Zuzenbideko ikasketak egin ondoren Errusiara joan zen eta han bizi izan zen 15 urtez. Alemaniara itzuli zenean (1795), gorteko antzokiko zuzendaria izan zen baina Errusiara joan zen berriro eta tsarrarentzat lan egin zuen. Napoleonen etsai amorratua zenez Alemaniara joan zen behin eta berriro tsarraren aldeko espioitza lanak betetzera. 1815. urteaz geroztik, aldiz, gazteria liberalaren aurkako espioitza lanak egin zituen eta ikasle batek hil zuen 1819. urtean. Obra nagusiak: Menschenhass und Reue (1789, Misantropia eta damua), Die Spanier in Peru (1796, Espainiarrak Perun), Die deutschen Kleinstädter (1801, Alemaniako herrixka), Gustavo Vasa (1801) eta Die ruinen von Athen (1811, Atenasko hondakinak).