Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kotxise

Apatxe txirikahuen buruzagia (txirikahua herriaren erreserban, Arizonan, 1874an hila). Apatxe herriaren erresistentzia gidatu zuen 1860tik aurrerako urteetan, egungo Estatu Batuetako hego-mendebalean. Inork ez daki non jaio zen eta zer egin zuen gaztaroan. 1850etik apatxe txirikahuak bakean bizi ziren eta 1861ean berriro borroka hasi zen haur zuri bat bahituran hartu zutenean. Bahitura hura kargu hartuta, bost buruzagi apatxe hartu zituzten preso, Kotxise tarteko, eta une horretan bertan hil zuten haietako bat. Kotxisek ihes egin eta berehala antolatu zuen bere herria gerrarako. Gerra zibilaren garaian apatxeen esku geratu ziren Arizonako lur asko. 1862. urtean, hala ere, apatxeen aurkako espedizio bat antolatu zuten Kalifornian, mendebaleko eta ekialdeko estatuen arteko bideak eta harremanak berriro ezartzeko xedean. Bitartean, apatxe guztien buruzagi nagusi bihurtu zen Kotxise eta, berrehun jarraitzailerekin batera, hamar urtez eutsi zion zurien aurkako borrokari. 1871n zenbait apatxeren laguntza jaso zuen Crook jeneralaren aurrean errenditu zen Kotxise, baina ez zuen onartu bere kideak Mexiko Berriko erreserba batera eraman zitzaten eta 1872ko udaberrian handik alde egin eta txirikahuen erreserban agertu zen urte bereko udan.