Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Korbut, Olga

Bielorrusiar gimnasta (Grodno, Bielorrusia, 1955). Bederatzi urte zituela hasi zen soinketa egiten, bere jaioterriko klub batean. Handik kirol eskola batera bidali zuten, eta elastikotasuna, dantza eta akrobaziazko elementuak nahasten ikasi zuen, gimnastika egiteko modu berri eta ausart bat sortuz, gerora mundu osoko gimnastek antzeratu nahi izan zutena. 1972an hirugarren geratu zen txapelketa nazionalean eta Sobiet Batasuneko Kopan. Urte hartan, Municheko Olinpiar Jokoetan, Korbutek aho bete hortz utzi zituen ikusleak: zilarrezko domina irabazi zuen barra asimetrikoetan, eta urrezkoa oreka barran, lurreko ariketetan eta taldeka. Lau urte geroago, Montréaleko Olinpiar Jokoetan, Nadia Comaneci errumaniarra izan zen gimnastikako izar berria, baina Korbutek urrezko eta zilarrezko domina bana irabaztea lortu zuen hala ere. Urte hartan bertan lehiaketa utzi eta Bielorrusiako zenbait talde entrenatzen hasi zen. Aurrerago, Estatu Batuetara joan zen bizitzera.